PLENTZIAKO NAZIOARTEKO METRAJE LABURREKO FILMEN LEHIAKETA
SUNDAY, OCTOBER 9, 1977
Plentzia 48620


extra extra
VOL. VIII - 2019 EDITION

Zenbakiaren eboluzioa. Mikrofilm VIII.

2019 Edizioa | 14.4.2019

Programatuta gaude, eta gure espeziea inteligentea dela pentsatu arren gure mono sapiens instintoaren gatibuak gara, pantaila barruan zein kanpoan fatale-rekin tonteatzen hainbeste gozatzen duen instintoarenak hain zuzen ere. Jaboiari alergia dion eta pistola bi dituen tximinoa ematen duen Ignatius komikoak esan bezala, Ile gehiago ala gutxiagorekin, hobeto edo txarrago apainduta, kaioletan sartuta dauden tximino bereziak baino ez gara. Pistola horietako bat, Cupidoren gezien antzera, maitasunez kargatuta dago; bestea ordea, ke artean galdu eta min emateko prest dauden balekin; azken finean, tximinoak berezkoak dituen ongia eta gaizkia. Bi horiek dira, ongia eta gaizkia, konfesatzen gaituen kutxa beltzak eskeintzen digun ikus-entzunezko edukien protagonistak. Bidea erakusten digun gure egongeletako lehio beltz hori, egun baten Sinai menditik ohiu hotsean Moisesek egin zuen bezela.

Zergatik hitz egin guztiz armatuta eta apainduta dauden tximinoei buruz? Zer ekar diezaioke eboluzioaren teoriak genero beltzari? Imaginazioa erabiliz gure genero maitea eboluzioaren teoriaren laguntzaz aztertzen badugu, zera ikusiko dugu: heredatutako ezaugarri batzuk kenduta, aldaketaren printzipioa berdina da, hau da, ingurumena; aldaketa geologikoak, eguneratutako estrategia industrialak, elikagaien eskasia, gidoi original eza, kalitate ezberdinetako fluido genetikoak, internet, espezie berrien agerpena, transgenikoak, transgeneroak, adimen artifiziala, HAL, Netflix, EITB, eta pantaila bere konfesionario bihurtu duen publikoaren gustu aldakorra.

Errealitatea eta fikzioaren arteko muga lausotu egin da. Aita Santuaren argazkia hormatik kendu eta bere lekuan kutxa beltz bat jarri dugu, inoren krimenen konplize bihurtuz, bere bertsikuloekin pekatuak parkatzen dizkigun kutxa leloa. Askoren eritziz inoiz baino argiagoa eta errealistagoa bilakatu den kutxa; gurekin batera oinez, jaten eta amesten ere ikasi duen kutxa; mono sapiens zein zoragarria den gogoratzen digun kutxa, eta behin debaldeko epea igarota, 36€ren truke konektatzen gaituen kutxa. Eta Ignatiusen antzera, pistola bi dituen tximinoa naizela aitortzen dut, eta zintzo-zintzo kasu egiten diot bakea, enpatia, instrukzioak eta miserikordia eskaintzen dizkidan kutxa argi-ilun horri.

Uztailaren 26 eta 27an pantaila kalera aterako da, eta Santa Maria Magdalena eliza lekuko eta publiko fidel baten aurrean, 18 laburmetrai lehiatuko dira Halcon Maltes nork eskuratuko. Libratu zuen agendak plan ezberdin baterako, mono sapiensaren antzera, mundu hobeago batetik aldentzen duen distantziaz ohartuta aurrera egiten duen herri batean.

Aurrera ikuskizuna.
M.



  • Elkarbanatu:
  • FB
  • TW